Edukira joan

Komuneko paper

Wikipedia, Entziklopedia askea
Komuneko papera.

Komuneko papera garbitasun pertsonalerako, kaka eta, emakumezkoen artean, pixa ere egin ondoren, erabiltzen den paper leun mota bat da, gehienetan biribilkitan ekoiztu eta saltzen dena. Komuneko zulotik behera bota eta bertan desegiteko espreski diseinaturik dago, eskuak garbitu edo lehortzeko bestelako paperak ez bezala, estoldan paperak atasku egin ez dezan.

Partikularrentzako komuneko papera 4-32 biribilkietako paketeetan [1] saltzen da drogeria, supermerkatu eta hipermerkatuetan. Biribildu gabeko paketeetan ere saltzen da. Biribilki bakoitzean dagoen paperaren luzera aldakorra da marka batetik bestera, baina 16 metrotik 40 metrora bitartekoa izaten da[2]. Leku publikoetako komunetan, paper biribilkiak handiagoak eta beraz luzeagoak izaten dira.

Paper geruza bikoitzak dira arruntenak komuneko paperetan, garbiketa eskuak zikindu gabe eta era aseptikoan burutzearren, baina geruza hirukoitza dutenak ere badira [2]. Zenbait ehundura ezberdin ere izaten da. Komuneko paperaren kolore arruntena zuria da, baina arrosa, urdin, berde eta beltz kolorekoak ere badaude [3]. Lurrindutako komuneko paperak ere saltzen dira [4].

Biribilkietan, komuneko paperak marra puntuztatu erregularretan zatitzen da, erabiltzaileak behar duen neurria hobeto hartu eta azkenean papera biribilkitik erosoago hartzeko. Komuneko paper paketeetan, ordea, paper zatiak banaka hartu behar dira. Paper zati edo orri hauen neurria ezberdina da, herrialdea eta marka zein diren, baina 110-140 mm ingurukoa izaten da beti, eta batetik bestera ez da alde handirik izaten.

XX. mendeko azken hamarkadetan soilik hasi zuen Euskal Herrian jende gehienak egungoa bezalako komuneko papera erabiltzen. XIX. mendean prentsa idatzia ugaltzen hasi zenetik, ohizkoa zen baliabide eskaseko jendeak eta baita ere klase ertainak egunkari papera erabiltzea komuneko paper moduan. Aurrerago, 1960. urtetik aurrera hasi zen nagusitzen espreski ekoiztutako komuneko papera erabiltzen. Garai hartatik aipatu behar da Euskal Herrian oso zabaldua baina kalitate eskasekoa zen El elefante markako komuneko papera, Nafarroako Onena enpresak ekoiztu eta merkaturatua [5].

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Papel higiénico. Los precios de la crisis.. 2009-05-07.
  2. a b Hiru geruzakoak garestiagoak dira baina ez leunagoak.. Consumer Eroski. 2007ko urtarrila.
  3. (Gaztelaniaz) Papel higiénico de colores[Betiko hautsitako esteka] Blanco-roto. 2009-06-03
  4. (Gaztelaniaz) ¿Los habéis probado perfumados?, Ciao.es. 2005-12-10.
  5. (Gaztelaniaz) Papel higiénico El elefante. 2007-12-19.